OSKATXE
(B.L.)

-Instrumentala- 

DENBORAK
(B.L.) 

Denborak aldatzen dira 
denborak aidatzen doaz 
denboragileak ari dira 
denbora berria prestatzen; 
eta zu, jadanik,
hezituta zaude
zure denboraren ariketarako
gizalege berrien baitan sinismen lausoz. 

Eskaparate berria irikita dago,
bertan, izkribu dizdiratsuan 
irakur dezakezu: 
" etorkizuna zurea da",
eta atzekaldean,
mundu koloretsu bat dago 
eta zureganatu nahi zenduke 
zure bizitzaren arrastoa uztearren. 

Sartuko zara;
eta esku batzuengandik
zure denbora ttipiaren araudia 
jasoko duzu;
eta oroimena,
arriskuaz ohartarazteko sortua zena, 
garaiko xedeak bereganatzen 
lanpetuegia izango da ta
etzaitu ohartaraziko 
laberintoaren atarian zarenean. 

Eta denborak aldatuz joanen dira; 
denboragile berriek
liluramendu berriak sortuko dituzte, 
eta zuk,
zure denbora zaharkituaren hatzaparretan, 
auzirik gabeko gudaria,
menpeko aberea, 
nehoiz ulertu gabeko 
askatasunaren kantura 
joko duzu,
bizitza iheskorraren 
ardo mikatzetik 
edaten duzun artean.

Eta zure denboraren ikuspidea 
duzula esango duzu.
Bainan, zilegi bekit esatea,
ez dela denboraren morrontzarik 
deus adierazi duenik;
eta edozein argi izpiaz 
ohartu ahal izan zinenean, 
hura, ernaitasun domagaitzetik 
jalgia izan zen. 

O'CAROLAN I
(O'Carolan)

-Instrumentala- 

MAULEKO BIDEAN 
(B.L.)

Itsasoari,
maiz zioat galde egiten hitaz O'Carolan, 
baita haizetan inprimatzen duken 
musikari ere hire gogoetaz.

Oroitzen al haiz,
Luxako Jaun Baruaren eztaietan, 
Ezpeldoiko hilketaren berri 
eman hidala ixilka..., 
Bereterretxen azken atorrean
heriotz koblak biltzen hituan artean...?

Gero Gratxinarekin
Lohia ondartzara joan hintzen 
gauerdiko dantzari lotzera. 

Bazekiat jakin ere
Eskoziako errege-alabaren bila 
izan hintzela Mundakan
eta arrantzale galduen itsasontzietan, 
brankaz,
emakumen lurretara abiatu zinetela 
itsasoan musikaren uhera luze bat utziaz. 

Geroztik,
Quinperako merkatuan, 
Gunar erregearekin
izkutu ahalmenen lehiaketan 
ikusi omen haute,
hark ankaz jotako arpak 
sugeak uxatzen zituen artean, 
hire arpegioetan
denbora gelditzen zelarik. 

Gurpil hildo marratzailea 
landak gorrituz zijoak, 
ete ni,
aspaldian hemen niagok Txahorekin 
Mauleko bidean hire zai, O'Carolan, 
ahaztu lurretara kantatzera
abiatu nahian. 

O'CAROLAN II
(O'Carolan - Arty Mcglynn mirestuz)

-Instrumentala- 

MUTIL DANTZA
(Herrikoia - B.L.)

-Instrumentala- 

PARTITU GINEN
(Herrikoia - B.L.)

-Instrumentala- 

FORMAK
(B.L.)

Formak onak dira
haietan galtzen ez zaren artean. (bis) 

Hogei urtez egon nintzen 
eskaparate batean, 
desafiozko begiraden aurrean. 

Segurtasu beharrez
hainbat 
forma saiatu nituen..., (bis)
jatorrizkoez ahaztu nintzen.

Kantari historikotzat omen naukate,
agian bitrinen bat dut itxaroten,
libra nadila horretatik gutxienez
eta urra nezatela
larros-arantzek azkenerarte.

Formak onak dira, bai,
baldin eta haietan 
ez bazara galtzen...
fometan ez bazara galtzen... 
  

NAIZENEZ GERO
(B.L.) 

Naizenez gero, merezi luke 
izatearen mugagabean galtzea, 
adimenaren hegoak 
zabaltzearekin
funtsezko keinu sakratua aginaz, 
bizi arrazoi guztien gaindi.

Egin bideak baztertuz, 
beste bat hautatzerakoan 
ohartuko banintz
hastapen amaiera arteko denborak 
mugatuko nauela..., 

bakartasunetik iheska 
bakardadean galdurik, 
beldurraren irri krudelen menpeko, 
sinismen eta itxaropenen 
zutaberik gabeko aterpetan 
babestuko naizela...,

ohartuko banintz, 
ene baitan 
askatasun irudikatua marraztuz, 
ametsen argi izpiaren eskutik 
bidez bide eginiko laberintoa 
nintzatekeela...

Egin bideak baztertuz, 
beste bat hautatzerakoan 
une batez geldi banendi..., 
eternitatea litzateke une hori. 

ENE IZAR MAITEA
(Herrikoia)

-Instrumentala- 

ITZALTZUTIK ITZULIAN
(B.L.)

-Instrumentala- 

BERA
(Silly Wizard - B.L. - J.R.Uriarte)

Iriki nuen atea,
sartu nintzen zu maitatzera 
eta ispiluak zure lepoan 
eraztunak dizdiratu zituen. 

"Hori ba da zure amodioa, 
hori zure grina", esan zenuen. 

Iriki nuen atea,
desiozko irudiari hurbildu nintzaion 
eta oin-hatza xuriak ikusi nituen 
zure gorputzean.

"Hori badakusazu nigan eta ez ni", 
esan zenuen.

Iriki nuen atea iriki ere,
ilargiaren gelan eta Suffolkeko pitxarrean 
sartu nintzen.
Eta esan zenuen:

Oi zein herri bitxia zurea,
jakindurizko begirada eta ikuspegi osoa duen
gizonari BOBO deitzen diona.

Maitatuko zaitut baldin eta, 
bara bezala, galtzerdi xuriz 
eta urrez bordatutako terziopelo gorriz 
jazten bazara.

Maitatuko zaitut, dantzari xuxen horrek 
nere ispiluaren aurrean dantzatuko duenean 
eta neure gainean maitatzera erortzean
ni musukatuz zure ezpain dardartietan 
istua botako duenean zure ezpainetan.

Oi zein herri bitxia zurea, 
zuhaitz artean eguzkirik gabe, 
xaguxarra bezain airos dantzatzen duenari 
BOBO deitzen diona.

Iriki nuen atea.
Sartu nintzen zu maitatzera. 
Eta gela, bera gorputz sutsuez 
argiturik zegoen gorputz sutsuez.
Haizea ziztuka, hormarik ez. 
Zuk maite zenuen
eta ni bere begiradaren aurrean 
erortzen nintzen.

Berak besarkatzen zintuen bainan nik, 
ene erortzean
ez nuen haizearen 
fereka baizik sentitzen.