CD1

GAUEKO ELE IXILEN BALADA
(BL)

-Instrumentala-

UDAZKEN KOLORETAN
(BL)

Udazken koloretan,
landen lurrinak zeharkatuz,
hitaz oroit
eta higan nauk.

Zuhaitz biluziaren
gerizpean orpondoa,
orbelaren hilobi,
horiz eta gorriz,
dena lokarturik.

Eskuratu hostoa
xume bezain eder,
hain soila bere heriotzean,
zuhaitz guztiaren bizkortasunez
hain betea,
non erortze honen duintasunak
hiri kantatzera naraman.

Berriro zuhaitzari
so natzaiok, kezkaturik ote…?
joate askearen oparotasunean,
betikotasunaren irria zirudik.

Gatibu naukan denborak,
bere baitan egositako
ametsetaz isekaz
bailegoan.

Udazken koloretan,
landen lurrinak zeharkatuz,
hitaz oroit eta higan nauk,
hain soil hire heriotzean,
hain xume, adiorik gabeko
partitzean.

ZEHAZTEN ERRAZA NAIZ
(F. Pessoa / B.L.)

Baldin eta, ni hil eta gero,
nere bizitza idatzi nahi balute,
errazagorik ez da ezer
bi egun besterik ez dute:
jaiotza eta heriotza egunak.
Bien artekoak
nereak dira.

Zeazten arraza naiz,
deabrudun batek bezala ikusi nuen,
gauzak xamurkeriarik gabe maitatu nituen.
Ez bainuen bete ezinezko ezeren beharrik izan,
ez bait nintzen inoiz lausotu.

Entzutea neretzat
ez zen ikustearen lagungarri baino izan.
Gauzak benetakoak direla ulertu nuen
eta denak ezberdinak bata bestearengandik;
begiekin ulertu ere, inoiz ez pentsatzearekin.
Guzti hau pentsatzearekin ulertzea,
denak berdinak aurkitzea litzateke.

Egun batez logaletu egin nintzen,
edozein haur bezala.
Begiak itxi eta lo egin nuen.
Horretaz gain,
Naturaren poeta bakarra izan nintzen.

GARTXOT(1) / NERE ATE ONDOAN(2)
(1) (Pello Ramirez)
(2) (F. Pessoa / B.L.) 

Haur ezezagun eta zikin
nere ate ondoan jolasean zu,
ez dizut adierazpen mezurik dakarkidazun galdetzen.
Ganora aurkitzen dizut lehen inoiz ikusi ez zaitudalako,
eta, noski, garbia egon ahal bazina,
beste haur bat izango zinateke,
eta ez zinateke hona etorriko.
Jolas zaitez hautsetan, jolas!
Zure agerpena begiekin begiekin bakarrik estimatzen dut.
Gauza bat beti lehen aldiz ikustea
ezagutzea baino gehiago da,
ezagutzea, inoiz lehen aldiz ez ikustea
bezala baita.
Eta inoiz lehen aldiz ez ikustea
bakarrik kontatzen ikustea da.
Haur honen zikin egoteko era
ez da besteena bezalakoa.
Jolas! Eskuan sartzen zaizun harri bat hartuaz,
badakizu eskuan sartzen zaizula.
Zein da, ziurtasun handiagora
iristen den jakinduria?
Bakar bat ere ez, eta bakar bati ere
ezinezkoa zaio nere ate ondora jolastera etortzea.

KAIXO ARDIZAIN
(F. Pessoa / B.L.)

“Kaixo ardi zain,
horra hor bide ertza.
Zer esaten dizu haizeak?”

“Haizea dela, eta igaro egiten dela,
eta igaro zela lehen,
haizea dela, eta igaro egiten dela,
eta igaroko dela gero.

Eta zuri, zer esaten dizu?”
“Hori baino askoz gehiago,
beste gauza askotaz mintzo zait.
Oroitzapen eta bakarminetaz
Eta behin ere izan ez ziren gauzetaz.”

“Eta ez zenuen inoiz haizea igarotzen aditu.
Haizea, haizeaz bakarrik mintzo da.
Gezurra da entzun zeniona,
eta gezurra zugan dago.”

GAZTETARZUNAK
(Herrikoia)

-Instrumentala-

BIHOTZ
(B.L.)

Gela ilun batean
bizi zara bihotz,
sineskeriaz elikatuz,
berezia zarela uste duzu.

Zeurekoi asmoak jorratuz,
hilezkortasuna amets eta…
zalantzaren itzalak
ikaratzen zaitu.

Bihotz guztiak zara zugan
baina, ez zara ohartzen.
Bihotz ororen poz eta mina
daramatzazu zure taupadetan,
baina oraindik ez duzu ikusi,
balio bilketan lausoturik
baitzaude.

Hilezkor izan nahi duzu
eta hilezkor zara,
hilezkor bihotz guztietan,
bihotzean…
bizi, irri, nigar, heriotz, bihotz.

BALDORBA
(J.A. Urbeltz – B.L.)

Ezkil gabeko elizen
eremu emankorra,
giza murzuriko
zure ardientzat.

Oi Baldorba!
eguzki eta haize idor,
mahats-ardo ibai,
galburuarena.

Lur gorri, harri landu,
mailu eta xixelaren kantu.
Gitarrazko alakiketan,
Armeniako kanun ahots urratuan.

Oi Baldorba!
esazu nor zen bidetik
baztertu zintuen madarikatua!

Zure irriño erromanikoa
erdi izoztu eta leloturik
utzi zuen madarikatuaren
izena nahi dut.

Oi Baldorba!
esazu nor zen bidetik
baztertu zintuen madarikatua!

Oi Baldorba!
zutaz oroit eta
zuri nagozu.

Kantu bat laburra da eta
pentsa zuk,
esaten ez dizudan hartaz.

Oi Baldorba!
esazu nor zen bidetik
baztertu zintuen
madarikatua.

EGUNAK GAUAN
(J.R.Uriarte / B.L.)

Hainbeste urte igaro dira,
hainbeste gertakizun,
nere buruan kokatu zen enbata hartatik.

Nere kostatik urrun, Gran Solen,
egun bat urpean,
hiru igeri,
eta bederatzi arnasketan.

Egunetan Islandar barku bat agurtzen dut,
asteak lotan,
asteak urgainean.

Harriduraz, legatzen zilarrezko sabelpeari so
beren bizkar iheskorra ferekatu nahi dut,
baina, ez zaitez hurbildu esaten didate.

Ehun egun argirik gabe
ehun egun ur-dantzan,
errainuei arpoiak boteaz.

Donegall Squaren
kantuak entzutzen ditudan bitartean,
Golkoko nigarra.
Donegall Squaren
Van Morrison entzuten dudan bitartean,
auhena Golkoko plazetan.

Egunak euritan.
Gauak igeri.
nere begien bila dabiltzan hegaztiak.
Itsas izotzaren kilapean ezkutatzen naiz.

ITSASOARI BEGIRA
(Ion Maia / B.L.)

(Itsasoari begira egindako gogoeta batzuk dira hurrengo bertso hauek)

Zazpi mendeko gauean gaude.
Gure lore eta sasi,
irrintzi, oihu, ele ta ulu,
marmario ta garrasi,
haize, enbata, brisa, galerna,
gaur garbi, bihar nahasi,
xake taularen zuri beltzetan
arrats gozo egun gazi.
Ai itsasorik ez bageneuka
zeri so negarrez hasi.

Gure zuhaitza landatu dugu
amildegi muturrean.
Adarrak daude ertzetik haruntz;
sustraiak, berriz, lurrean,
bihotz hesteak estu helduaz
esku baten ahurrean.
Bertso berriak jartzera noa
bere indar laburrean,
nola malko bat isuritzen den
itsasoaren aurrean.

Nola haizea, ur azalean
eguzkiaren irteran.
Nola kaioak zorabioan
itsas enbata bezperan,
pentsatsen nago gu ere berdin
ibiltzen ez ote geran.
Susmoa daukat gure patua
itsasoa ez ote dan,
libre ta zabal dugu aurrean
baina ezin dugu edan.

Heldu herria sustraietatik,
tira eta gora jaso.
Jarri Kantauri aurrean eta
mantendu zutik hari so,
Ispilu hortan ikus gaitezen
herriz-herri, auzoz-auzo.
Zauriak gatzez itxi ditzagun,
malkoak urez eraso.
Sano ta libre irla ttiki bat
salbatuko gara akaso.

CD2

ITSASOAN LAINO DAGO(1) / NERE EKIALDEAN(2)
(1) (Herrikoia)
(2) (B.L.)

Urdina itsasoari irailak eman zion,
eta itasoak nerekin kaio bat egin zuen,
orobat itsaso den kaioa.

Ortzimugaren bila doan treineruarekin batera,
helmugarik gabeko ekitaldira abiatzen naiz.
Eta arraunen uherak bezala,
hiltzen eta birjaiotzen natzaio
hegaldi bakoitzari,
ezaugarririk utzi gabe,
ez baitira loturak baino.

Ilunabarretan, harrabots antzuetatik
iheska doazenekin elkartzen naiz,
eta zalantzan diren kezkatiek
itxaropenez elikatzen naute.

Bere bihotzean, mugagabetasunarekin
batzen nauen hazia daramat,
eta egunsenti berriak pizten ditu
nere ekialdean.

Eta behin gauaren besoetan,
ixiltasunaren ahotsa aditzean,
euria ari du nere begietan,
errukirik jaso ez dutenen saminez
beterik baitaude.

Urdina itsoari irailak eman zion,
eta itsasoak nerekin kaio egin zuen,
orobat itsaso den kaioa.

ZERGAITIK UTZI KANTATZEARI
(A. Warner / P. Seeger / B.L.)

Nere bizitza, munduko arranguren
gainetik, amaiezinezko
kantu batean, airos doa.
Nere bizitza kantu batean.
Zergaitik utzi behar diot,
zergaitik utzi kantatzeari?

Urrun bada ere, sorkuntza berri bat
iragartzen duen doinu hori
entzuten dut, harrabots eta
borroka ororen artean.
Zergaitik utzi behar diot,
zergaitik utzi kantatzeari?

Ekaitzak ondoan ziztuka
ari bada, zer axola!
Egia bizirik dela badakit,
bizirik dela badakit.
Zergaitik utzi behar diot,
zergaitik utzi kantatzeari?

Zer axola nere inguruan
iluna hertsitzen bada?
Gauean kantak sortzen ditu,
gauean kantak sortzen ditu.
Zergaitik utzi behar diot,
zergaitik utzi kantatzeari?

Nere pake kuttunena
izutuko duen trumoirik ez da,
harkaitz horri lotzen natzaion,
lotzen natzaion bitartean.
Zergaitik utzi behar diot,
zergaitik utzi kantatzeari?

Amodioa, zeru-lurren
jauna bada, jauna bada
Zergaitik utzi behar diot,
zergaitik utzi kantatzeari?
Zergaitik utzi behar diot,
zergaitik utzi kantatzeari?

OIHALA(1) / NI, SAHATSA BEZALA(2)
(1) (Pello Ramirez)
(2) (B.L. / Levy Shahar)

Ni, sahatsa bezala,
ludiari ernaitu ohi zaion
kimu berri bat naiz,
sortzen eta hiltzen
etengabe doazen
sentimenduen haizearekin dantzan.

Ni, poz eta minen
zuhaitzetik edanaz,
berdetutako igali bat naiz,
Hosto bakoitzean, malko bakoitzean,
zauri minberetan loratzen dena.

Ni, munduaren grinak
jasotzen dituen
ibai luze eta mugikorra naiz.
Itsaso birjinen arima urdinen
sabel emankorretara doana.

ITOITZ
(Olatz Zugasti / Herrikoia)

Laino beltzak zeruan,
dardara lurrean,
Itoitzko hormetan
irainak eragin zauriak.
laino beltzak zeruan
otoitz bat ezpainetan.

Oi gure pikondoa,
gure pikondoa,
zure itzal oparoa
min eta grina ororen loa.
Oi gure pikondoa;
ukamenaren itoa.

Gure baratze zaharra,
gure baratza zaharra,
urpetikan darion negarra
bedi belatsekin airera.
Laino beltzak zeruan
otoitz bat ezpainetan.

ORO IRRIÑO BAT  
(Pello Ramirez – B.L.)

Nere urruneko gogoa hedatuz joango da,
ondura ixuriko da nere eskuetara,
zuri begiratuz besarkatuko dut,
duzun ugats xumea eta, agian,
naizen amildegi hotza.

Zure bihotzaren taupada beroen
aurrean agertuko da,
kontaezinezko edertasunez.

Nere asmoaren gerizean maitatuko zaitut,
arrazoi sareen gaindi hegan eginaz,
ilunaren eta beroaren nahaspilean
argi berriez mundu bat sortuz,
nork daki…

Ai! Oro irriño bat balitz azkenean,
eta uhinek bezala,
ispazterra ferekatuz, bukatu hiltzean.

EKAITZA
(B.L.)

Ekaitzak, ekaitzak
hostoak daramazki
zuhaitzak bilutsirik.

Negarra, negarra
heriotz usaia
inguruan utzirik.

Gure basoko
zuhaitz lehorrek
oraindik irauten dute.

Lurraren babesak
emanaten die
itxaropenezko bizitza.

Ekaitza, ekaitza
zure indarra
ez da iraunkorra.

Udaberria etorriko da
berarekin loreak.

Bizitza berri bat
etorriko da
lehortuko dira malkoak.

Haize leunak laztanduko ditu
gure aurpegi penatuak.

NERE HERRIKO NESKATXA MAITE
(B.L.)

Nere herriko neskatxa maite
ahozko lorez zaitut gaur laztantzen,
itsaso garden, lur gozoko landare,
kresalaren usain, zeru kolore,
nere bihotzaren taupaden hotsez
zure grazia dut kantatzen.

Bihotz minberen egunsentia
herri sofrituaren lamia,
ipuin zaharren piper eta eztia,
erreka garbien kantu bitxia,
udazken lizunez zaude jantzia
izar zerutarren irria.

Lanbro artetik itsas geldira
leunki zoazen txori airosa
amodiozko sentipenaren hatsa
zure ezpainetan loratuz doa,
goizeko ihintzetan belardi zera
eguzkitan zilar dizdira.

ILUNA DENERAKO  
(B.L.)

Kantaita bat ene ezpainetan,
Artizarra keinuka zeruan,
zure lehen loak hartu zaituenean,
zer ote da zure gogoan?…

Ixuria
izan zara
bizitzaren ibar honetara;
zu zara gure
azala eta
asmo berrien haragia.

Nigan bada
zuretzat egina
iluna denerako aterbea;
zu izango zara
bihotzean den
suarentzako erretxina.

BIZKAIA MAITE  
(J.A. Irigaray – B.L.)

Bizkaia maite,
atzo goizean ikusi zintudan,
soineko xuriz jantzia,
buruan orlegi, bihotzean sua,
nere gogoaren ertzatik pasatzen
zure usain gozoa,
lana, amodioa, itsasoa
nere baitan sartzen.
Atzo goizean entzun nuen
zure berbaren oihartzuna
zure kantaren fereka,
bihotzean kilika
eta oihartzunaren haunditasunean murgilduz
joan nintzen, jauzika, hegaka.

Bart arratsean,
arbasoen baratzaren ondoan,
bertsotan eta dantzan lotu zinen,
alai, piper eta gatza,
sabel emankor[ra].
Bizkaia maite,
atzo goizean ikusi zintudan,
soineko xuriz jantzia,
buruan orlegi, bihotzean sua,
olerkari penatuaren gozo eta mina,
amodio eta kanta,
zure berba leun,
zure gatzaren bizia,
zure burdinaren goria
dira gaur neretzat aterbe.

Bizkaia maite,
atzo goizean ikusi zindudan,
soineko xuriz jantzia
buruan orlegi, bihotzean sua,
lirain, sendo, eder.

GURE BIDE GALDUAK  
(B.L.)

Gu gazteok gaur gabiltza
mundu galdu honetan,
gerra bat barruan degula
zer egin jakin gabe.

Gurasoen mundu aldrebes hau
ez dugu onartzen,
diruaren morroi izaten
erakutsi digute. (bis)

Ilunpe horrek
bakardade galduan utzi gaitu,
argirik gabeko bideak
etorkizunik ez du,

bizimodu lasai bategatik
idealak galdu,
bizitzaren gauz ederrenak
dizkigute zapaldu. (bis)

Gizonak kartzelan daude
beren herriagatik.
Jainkoak beharko [du] lagundu
guk ahaztu baditugu.

Maitasun hitzak nahi nituzke esan
baina gaur ezin dut;
gure bide galduak
kalte hau ekarri du. (bis)

ZENBAT GERA?
(A.Muniategi – B.L.)

Gure asmoak, esperantzak,
herria, askatasuna,
justizia, pakea,
egia, maitasuna,
mitoak, hitz utsak.

Zenbat gera?
Lau, bat,
hiru, bost, zazpi? (bis)

Zer egin degu? Ezer ez.
Zer egiten degu? Alkar jo.
Zer egingo degu? Alkar hil?
Zer egingo degu alkar…?

Hori ez!… Hori ez!… Hori ez!