NAHIAGO NUKE
Hitzak: Fernando Pessoa
Musika: Benito Lertxundi

Nahiago nuke bideetako errautsa banintz
eta behartsuen oinek zanpatua banindute.

Nahiago nuke isurian doan erreka banintz
eta joileak nere ugaldean baleude.

Nahiago nuke ibertzeko makala banintz
eta gainean zerua eta azpian ura baino ez
banitu.

Nahiago nuke errotariaren astoa banintz
eta hark kolpatu eta maitatuko banindu…

Nahiago hori,
bizitzan zehar bere atzera begira
penatua doana izan baino.

IBERTZEAN
Hitzak: Fernando Pessoa
Musika: Benito Lertxundi


Zatoz ene ondora,
eseri gaitezen ibertzean.
Begira diezaiogun geldiro
uraren joanari
eta ikasi
bizitza pasa egiten dela,
eta eskuak ez ditugu lotuta.
Lotu ditzagun.
Aska ditzagun,
nekatzeak ez du merezi eta.
Gozatu edo ez,
ibaia bezela pasatzen gara.
Hobe da atsekabe
haundirik gabe
isilean pasatzen jakitea.
Maita gaitezen astiro astiro
pentsatuz, nahi bagenu,
musuak, besarkadak eta ferekak
elgarri banatu ahal genukeela,
bainan hobe dela elgarren ondoan
eserita, errioari begira
uraren murmurioa entzunaz egotea.

OSPAKIZUN GAUEAN
Musika eta hitzak: Benito Lertxundi

Ospakizun gauean
nahasmenak zurgatua
oker galderei erantzun bila
zebilen otzandu gogoa.
Ezagun bideetako zoldak hartua,
beldurraren aurpegi zurbila
hilotz haizea bezala,
sartzen zitzaion bihotzean,
Eta ezagutza ez dela jakintza
ulertu zuenean,
Eta ezagutza ez dela jakintza
ulertu zuenean.
Besteen bideetan
ibiltzea da ezagutza.
Berjabe gogoaren
kontzientzia, jakintza.
Aski da desikastea barne sena loratzeko.
Aski da desikastea arrotz bideak uzteko.
Aski da desikastea oro arimaren lurrinak
hartua izateko.

ISIL ISILIK
Hitzak: Jorge Bucay
Musika: Benito Lertxundi

Eta egia bada
ni maitatzeari
utzi diozula, etzaidazu esan,
arren eskatzen dizut,
ni maitatzeari utzi diozula
etzaidazu esan.
Gaur oraindik
behar dut
zure gezurretan
xalo xalo
itsasoratu…
Irripartsu eta lasai
lotaratuko naiz,
goizean goiz esnatuko naiz
eta berriro itsasoratuko naizela
agintzen dizut…
Bainan oraingoan,
isil isilikan
eta arrangurarik gabe,
nahita ondoratuko naiz
zure adio mugagabearen
sakonean.

KIMU BAT ZUHAITZAN
Musika: Allan Rankin
Hitzak: Jon Maia
Gogoan dut goiz hura
negua zen
elur giro ta izotz
jende guztia triste ta goibel
aurpegi, gorputz ta bihotz…
Nire gitarrarekin irten nintzen
natura ilun hartara
eta orduan ikusi nuen
kimu bat zuhaitzan.
Zuhaitzpe hartara
joaten hasi nintzen
neguaren ekaitzan
kantatzera irten zela
kimu bat zuhaitzan.
Kimu bat zuhaitzan
kimu bat zuhaitzan
han sortu baitzan
salba gaitzan
kimu bat zuhaitzan
Negu beltz luze hura
igaro zen
urtu ziren izotzak
udaberriak askatu zituen
ibaiak eta bihotzak.
Eta nola indarrak hartzen zituen
argia ta ekaitza
eta berdetuz loratu zen
kimua zuhaitzan.
kimu bat…
Geroztik negurik beltzenetan
dena ilun denean
gogoan dut kimuaren jaiotza
gure lurraren minean.
Eta nola indarrak hartzen zituen
argia ta ekaitza
negu beltzean loratu zen
kimua zuhaitzan
Kimu bat zuhaitzan….

MUNDUAK EZ DU BAKERIK
Musika eta hitzak: Benito Lertxundi

Ezin da bakea bilatu,
berak behar gaitu aurkitu,
bainan hori eginen du
gogo hasekaitza bada menturatu.

Munduak ez du bakerik,
ez du inoiz horren berririk,
garaileen nahietara beharturik
gatazka bideetan dabil lohiturik.

Bakerik ez dakar bakeaz pentsatzeak,
ez ahozurien kalakak,
bakerik ez du gogo arautuak,
bake arnasik ez pentsamenduak.

Oro da funtsezkoa
bakea izatea,
ezin du hazi inork,
ezerk bakerik ezean.

Baketsu izateko
arrazoirik ez denean
bakarrik da izanen bakea,
askatasunaren bakea.

BELAR NERABEAN


Musika eta hitzak: Benito Lertxundi
Ene kontzientzia igaraiten nian
bidean aurkitu hintudanean
lillurakeriaren laino artean.
Ene halabeharra aldatu eta
heure eskutik nahi nauk eraman
laudorio egarriz eginiko bideetan barna.
Bainan hik ezin duk
uneoroz aldakorra eta beti bera…,
eta inora ez doanaren patua aldatu.
Ametskeriz puztua
hantuste inozoa!
Adi egongo nauk
ene gogoa ez dezaan lausotu ahal.
Utzidak belar nerabean etzaten,
senti dezadan nola hazkortzen den.
Ezak ahantzi,
guztia guztiaren ondorioz dela,
eta ezin duala hortik ihes egin,
eta gure betikotasunaren etxea dela.

LEHEN HAZIA


Musika eta hitzak: Benito Lertxundi
Sortzen garenetik, bizitzan zehar
loratuko den guztiaren hazia
geure baitan daramagu.
Lehen hazia,
barnekoi eta emankorra,
bizitzan errotzen gaituen
eta sena erditzen diguna.
Isil isilik eta astiro,
gauzen berezkoa adieraziz
lantzen gaituen
arimaren ganora.
Horra garen guztia.
Eta hemen gaude
zu eta ni
kondairaren bidertzean,
denboran zehar
jorratutako balioak,
xede eta gatazkak
nola pasatzen diren begira,
eta zibilizazioaren barnizez
gure senaren animaltasuna
nola estali ez dakigula;
bainan jakinik
hobe dela adi egotea
bere ahots misteriotsua
belarrira mintzo zaigunean

OTZANDU HERRIAN
Musika eta hitzak: Benito Lertxundi

Otzandu herrian
asmamena urria:
eta kalaka nahasian diote
menperatu hizkuntza
ahulegia omen eta
ez dadila politikaz kutsa;

ba ote kutsadura horretatik
libre den hizkuntzarik…?

Zer litzateke mihia
bihotzik gabe…?

Zatiaz arduratuz
ez da inoiz zatia salbatzen
bai oroa hiltzen uzten.

Oldar askatzailerik ezean,
menperatu hizkuntzan ere
menperatzen ahal da
menperatu herriaren hizkuntza.

BIZIPEN MARGOTUAK
Musika eta hitzak: Benito Lertxundi

Joan etorrian dirauten urekin
besarkatuz joan ziren haiek
kresal haizearen lurrinak dakarren
sentimenduan bizi dire

paduren bihotzean, oroitzaren oihalean
bizipen margotuak,
egunsentietan lanbroaren azpian
itsasorantz lekutuak.