URRUNDIK HELDU NAIZ
Urrundik heldu naiz luze ibiliz,
bidez bide eta bideetako
hautsak garia sortarazi du
ene oinetako behatz artetik...
Ene burua untzaz ari da estaltzen,
eskuetako behatzetan
madariondoaren hosto xamurrak
loratzen...
Bizkarrean...
ortzian barna...
magali mikatzen kimuak
txertatzen ari zaizkidalarik...
San Migeletan... itsasoa... ñabarra
ludia ttipitzen duen itxasoa...
Ene baitan urriaren hegoaizearekin batera,
hazi busti eta emankorra
ari du...
Zilegi bekit adiskide, esatea, pentsatzea
harek ez du goroldio baizik sortuko
gure harrizko buruetan...
Hitzak: J. A. Urbeltz
Musika: Benito Lertxundi
​
NINTZENAZ OROITZEAN
Nintzenaz oroitzean
beste bat ikusten dut,
iraganean oroimenaren oraina.
Izan nintzena
maite dudan norbait da,
ametsetan besterik ez bada ere.
Eta gogoa nahigabetzen didan
bakarmina ez dario nigandik,
ikusi iraganetik ere ez,
begi itsuen atzean
bizi naizenarengandik baizik.
Orainak ez beste ezerk
nau ezagutzen.
Orainak ez beste ezerk
nau ezagutzen.
Nere oroimena bera ez da ezer,
eta naizena eta izan nintzen guztiak
hainbat amets direla dut sentitzen.
Hitzak: Fernando Pessoa
Musika: Benito Lertxu
​
LAKET DUT
Laket dut ene itsasadarra
Oriaren halabeharra
laket dut bere urertzean
jausten zaidan sentipen zirrara,
laket dut itsasbeheran
gailentzen den legartza,
urruntasun ilunaren lorratza.
Ene oroitzeko bizipenak
han pausatzean
urtutako amets bat naiz,
hunkidura arrotz bat,
baleen kantek sorgindutako gogoa,
mariñel galduen bila
dabilen nomada.
Izkutu jakintza bailitzan,
arraun hotsez,
iragan oihartzunak
hegaldatzen dira
gune umelean.
Terralak hartu nau
ur geldien loan
joandako argi ñabarrak
biltzen zaizkit gogoan.
Benito Lertxundi
UDAZKEN KOLORETAN
Udazken koloretan,
landen lurrinak zeharkatuz,
hitaz oroit
eta higan nauk.
Zuhaitz biluziaren
gerizpean orpondoa,
orbelaren hilobi,
horiz eta gorriz
dena lokarturik.
Eskuratu hostoa
xume bezain eder,
hain soila bere heriotzean,
zuhaitz guztiaren bizkortasunez
hain betea,
non erortze honen duintasunak
hiri kantatzera naraman.
Berriro zuhaitzari
so natzaiok, kezkaturik ote?…
joate askearen oparotasunean,
betikotasunaren irria zirudik.
Gatibu nadukan denborak,
bere baitan egositako
ametsetaz isekaz
bailegoan.
Udazken koloretan,
landen lurrinak zeharkatuz,
hitaz oroit eta higan nauk,
hain soil hire heriotzean,
hain xume, adiorik gabeko
partitzean. Benito Lertxundi
OI LUR, OI LUR
Oi, lur, oi, lur,
oi, ene lur nerea...
oi, goiz eme,
parre gozoz ernea.
Arto musker,
mendi, baserri zaharrak;
ale gorriz
abailduta sagarrak
oro laino
mehe batek estalia,
urrez oro
eguzkiak jantzia...
Nekazari,
gizandi bat iduri
soroan zut:
bejondezula zuri...
Zure bazter,
gurazko aberria,
doa zoro
ta (bertan ni) bultzia...
Oi, ene lur,
ba ninduzu zurea,
zu landu, ta
zure sariz asea...
Bainan ezin
beheko behar goriak
narama ... Agur,
soro, sagar, mendiak…
Hitzak: Lizardi
Musika: Benito Lertxundi
​
IBERTZEAN
Zatoz ene ondora,
eseri gaitezen ibertzean.
Begira diezaiogun geldiro
uraren joanari
eta ikasi
bizitza pasa egiten dela,
eta eskuak ez ditugu lotuta.
Lotu ditzagun.
Aska ditzagun,
nekatzeak ez du merezi eta.
Gozatu edo ez,
ibaia bezela pasatzen gara.
Hobe da atsekabe
haundirik gabe
isilean pasatzen jakitea.
Maita gaitezen astiro astiro
pentsatuz, nahi bagenu,
musuak, besarkadak eta ferekak
elgarri banatu ahal genukeela,
bainan hobe dela elgarren ondoan
eserita, errioari begira
uraren murmurioa entzunaz egotea.
​
Hitzak: Fernando Pessoa
Musika: Benito Lertxundi
​
LEHEN HAZIA
Sortzen garenetik, bizitzan zehar
loratuko den guztiaren hazia
geure baitan daramagu.
Lehen hazia,
barnekoi eta emankorra,
bizitzan errotzen gaituen
eta sena erditzen diguna.
Isil isilik eta astiro,
gauzen berezkoa adieraziz
lantzen gaituen
arimaren ganora.
Horra garen guztia.
Eta hemen gaude
zu eta ni
kondairaren bidertzean,
denboran zehar
jorratutako balioak,
xede eta gatazkak
nola pasatzen diren begira,
eta zibilizazioaren barnizez
gure senaren animaltasuna
nola estali ez dakigula;
bainan jakinik
hobe dela adi egotea
bere ahots misteriotsua
belarrira mintzo zaigunean
Benito Lertxundi
BALDORBA
Ezkil gabeko elizen
eremu emankorra,
giza murzuriko
zure ardientzat.
Oi Baldorba!
Eguzki eta haize idor,
mahats-ardo ibai,
galburuarena.
Lur gorri, harri landu,
mailu eta xixelaren kantu.
Gitarrazko alakiketan,
Armeniako kanun ahots urratuan.
Oi Baldorba!
Esazu nor zen bidetik
baztertu zintuen madarikatua!
Zure irriño erromanikoa
erdi izoztu eta leloturik
utzi zuen madarikatuaren
izena nahi dut.
Oi Baldorba!
Esazu nor zen bidetik
baztertu zintuen madarikatua!
Oi Baldorba!
Zutaz oroit eta
zuri nagozu.
Kantu bat laburra da eta
pentsa zuk,
esaten ez dizudan hartaz.
Oi Baldorba!
Esazu nor zen bidetik
baztertu zintuen
madarikatua.
Hitzak: J.A. Urbeltz
Musika: Benito Lertxundi
NAHIAGO NUKE
Nahiago nuke bideetako errautsa banintz
eta behartsuen oinek zanpatua banindute.
Nahiago nuke isurian doan erreka banintz
eta joileak nere ugaldean baleude.
Nahiago nuke ibertzeko makala banintz
eta gainean zerua eta azpian ura baino ez banitu.
Nahiago nuke errotariaren astoa banintz
eta hark kolpatu eta maitatuko banindu…
Nahiago hori,
bizitzan zehar bere atzera begira
penatua doana izan baino.
Hitzak: Fernando Pessoa
Musika: Benito Lertxundi
​
BIZIPEN MARGOTUAK
Joan etorrian dirauten urekin
besarkatuz joan ziren haiek
kresal haizearen lurrinak dakarren
sentimenduan bizi dire
paduren bihotzean, oroitzaren oihalean
bizipen margotuak,
egunsentietan lanbroaren azpian
itsasorantz lekutuak.
Benito Lertxundi
KIMU BAT ZUHAITZAN
Gogoan dut goiz hura
negua zen
elur giro ta izotz
jende guztia triste ta goibel
aurpegi, gorputz ta bihotz…
Nire gitarrarekin irten nintzen
natura ilun hartara
eta orduan ikusi nuen
kimu bat zuhaitzan.
Zuhaitzpe hartara
joaten hasi nintzen
neguaren ekaitzan
kantatzera irten zela
kimu bat zuhaitzan.
Kimu bat zuhaitzan
kimu bat zuhaitzan
han sortu baitzan
salba gaitzan
kimu bat zuhaitzan
Negu beltz luze hura
igaro zen
urtu ziren izotzak
udaberriak askatu zituen
ibaiak eta bihotzak.
Eta nola indarrak hartzen zituen
argia ta ekaitza
eta berdetuz loratu zen
kimua zuhaitzan.
kimu bat…
Geroztik negurik beltzenetan
dena ilun denean
gogoan dut kimuaren jaiotza
gure lurraren minean.
Eta nola indarrak hartzen zituen
argia ta ekaitza
negu beltzean loratu zen
kimua zuhaitzan
Kimu bat zuhaitzan…
Musika: Allan Rankin
Hitzak: Jon Maia
​
ISIL ISILIK
Eta egia bada
ni maitatzeari
utzi diozula, etzaidazu esan,
arren eskatzen dizut,
ni maitatzeari utzi diozula
etzaidazu esan.
Gaur oraindik
behar dut
zure gezurretan
xalo xalo
itsasoratu…
Irripartsu eta lasai
lotaratuko naiz,
goizean goiz esnatuko naiz
eta berriro itsasoratuko naizela
agintzen dizut…
Bainan oraingoan,
isil isilikan
eta arrangurarik gabe,
nahita ondoratuko naiz
zure adio mugagabearen
sakonean.
Hitzak: Jorge Bucay
Musika: Benito Lertxundi
​
NIGARRA BEGIAN
Sumatuz eskualdunak
ospetsu nahian
guretik deus ez duen
hizkuntza mihian
sofritzen egoiten naiz
horien erdian
gutaz ahalgetuta
nigarrra begian
Nehoiz etzeraukula
nik ez dut etsiko
gure kontzientzia
atzartzen hasiko
egungo balentriak
ez baitu betiko
odolaren mintzoa
isilaraziko
Oi entzule maitea
othoi barkamendu
ez badut bozkarioz
kantaldi hau ondu!
Jostetako gogoa
dautate kendu
aunitz maite duenak
aunitz sofritzen du
Hitzak: Xalbador
Musika: Benito Lertxundi
​
ORO IRRIÑO BAT
Nere urruneko gogoa hedatuz joango da,
ondura ixuriko da nere eskuetara,
zuri begiratuz besarkatuko dut,
duzun ugats xumea eta agian,
naizen amildegi hotza
zure bihotzaren taupada beroen
aurrean agertuko da,
kontaezinezko edertasunez.
Nere asmoaren gerizean maitatuko zaitut,
arrazoi sareen gaindi hegan eginaz,
ilunaren eta beroaren nahaspilean
argi berriez mundu bat sortuz,
nork daki…
Ai! Oro irriño bat balitz azkenean,
eta uhinek bezala,
ispazterra ferekatuz, bukatu hiltzean
Hitzak: Pello Ramirez
Musika: Benito Lertxundi
JAUN BARUAK
Jaun Baruak aspaldin
xederak hedatü zütin,
txori eijer bat hatzaman dizü
Paubeko seroren komentin,
orain harekin biziren düzü
aspaldian gogun beitzin.
Xedera baliz halako
merkatietan saltzeko,
Xiberuako aitunen semek
eros litzazkie oro,
halako txori eijerto
zunbaiten hatzamaiteko.
Igaran apirilaren bürian,
armadaren erdian,
züntüdan bihotzian,
armak oro eskian;
present espiritian,
manka besuen artian.
Jauna maite banaizü,
erraiten düzün bezala,
kita ezazü, kita ezazü
Erregeren zerbütxüa
eta maita herria,
üken dezadan plazera.
Herri kanta
BIZKAIA MAITE
Bizkaia maite,
atzo goizean ikusi zintudan
soineko xuriz jantzia
buruan orlegi, bihotzean sua
nere gogoaren ertzatik pasatzen
zure usain gozoa,
lana, amodioa, itsasoa
nere baitan sartzen.
Atzo goizean entzun nuen
zure berbaren oihartzuna
zure kantaren fereka
bihotzean kilika
eta oihartzunaren haunditasunean
murgilduz joan nintzen jauzika, hegaka.
Bart arratsean
arbasoen baratzaren ondoan
bertsotan eta dantzan
lotu zinen alai, piper eta gatza
sabel emankor.
Bizkaia maite,
atzo goizean ikusi zintudan
soineko xuriz jantzia
buruan orlegi, bihotzean sua
olerkari penatuaren gozo eta mina
amodio eta kanta,
zure berba leun
zure gatzaren bizia
zure burdinaren goria dira gaur
neretzat aterbe.
Bizkaia maite,
atzo goizean ikusi zintudan
soineko xuriz jantzia
buruan orlegi, bihotzean sua
lirain, sendo, eder.
Hitzak: Jose Angel Irigaray
Musika: Benito Lertxundi
NERE HERRIKO NESKATXA MAITE
Nere herriko neskatxa maite
ahozko lorez zaitut gaur laztantzen
itsaso garden, lur gozoko landare,
kresalaren usain, zeru kolore
nere bihotzaren taupaden hotsez
zure grazia dut kantatzen.
Bihotz minberen egunsentia
herri sufrituaren lamia
ipuin zaharren piper eta eztia
erreka garbien kantu bitxia
udazken lizunez zaude jantzia
izar zerutarren irria.
Lanbro artetik itsas geldira
leunki zoazen txori airosa
amodiozko sentipenaren hatsa
zure ezpainetan loratuz doa
goizeko ihintzetan belardi zera
eguzkitan zilar dizdira.
Benito Lertxundi
MIROTZAK
Nere herria
mirotz leinua
arraun orru
bihozkadaren oihua.
Eguzki printzek
urrez jantzia
garaitz mina
daraman lehia-ontzia.
Denboretan
mirotzen hatsa
Kantaurian
itsatsirik den ugatsa.
Itsas deia
argiñabarrez
datorkio mirotzari
irribarrez.
Itsas gizon
kresaltsuak
poz eta minen
uretan miroztuak.
Etzara inoiz
bakarrik joango
mirotz gogoa
da zure arnasa izango.
Nire herria
mirotz leinua
arraun orru
bihotzkadaren oihua.
Benito Lertxundi
ZUK DAKIZUN HURA
Ni hiltzen naizenean, haurra,
izan nadila ni haurra, denetan ttikiena.
Har nazazu zuk besoetan
eta eraman zure etxe barrura.
Biluz ezazu nere giza-izate nekatua,
eta ohera nazazu zure ohatzean,
eta kontaizkidazu ipuinak, esnatuko banintz ere,
berriro loak har nazan.
Eta emaizkidazu zure ametsak
jolas nadin
egunen bat,
zuk dakizun hura,
jaio artean.
​ Hitzak: F. Pessoa
Musika: Benito Lertxundi
​
EZ NABIL EZEREN BILA
​
Ez nabil ezeren bila
ikasi bainuen
oroan bizi dela
naraman zoria.
Ez nabil ezeren bila
ikasi bainuen
naturaren taupadek
nautela kolpatzen
errukiaren bihotzean.
Ez nabil ezeren bila
ikasi bainuen
denboraren lanbroaz
gaindi ibiltzen.
Ez nabil ezeren bila
Ikasi bainuen
ilun garaietan
asmatutako jainkoak
gainetik kentzen.
Ez nabil ezeren bila
ikasi bainuen
berezkotasuna
ikusten, sentitzen.
Ez nabil ezeren bila
ikasi bainuen
bere horretan naizela
hazten, hezitzen
sentipen uhinetan.
Ez nabil ezeren bila
ohartu bainintzen
ezer ez dela berdin
bai dena gauza bera
Ez nabil ezeren bila
ikasi bainuen
unez-une bizitzeak
bakoitzari dagokiona
sortzen diola.
Benito Lertxundi